HARMAILETATIK

Karlos Kortabarria

Iraulik partidua izan zuen Beasainen aurka igandeko arratsalde ederrean. Arratsaldeko eguzki beroak Txindokiren ertz zorrotza argitzen zuen eta bere talaiatik Loinazko futbol zelaian gertatzen ari zena behatzen zuela zirudien.

Loinazko futbol zelaia esan dut, bai, eta ez dugu ahaztu behar beasaindarrek oso gogoko dutela Loinazko San Martin, herriko semea eta zaindaria. Loinazko Martin hau Nagasakin hil zuten misioetan ari zela, baina aurretik Igokundeko Martin izena hartu zuen frantziskotarren abitua jantzi zuenean, eta beasaindarrek abitu horrek gorde eta babestuko dituela esperoko dute.

Baina santu beasaindarra beti eztabaidatua izan da, ez santu gisa, beasaindar gisa baizik, bergararrek bertakoa zela esaten baitute eta Agirreko Martin zuela izena. Hain eztabaida luzea izan dute bi herriek, bakoitzak etxekotzat ospatzen dutela eta jaia ere egun desberdinetan egiten dutela. Elizako hierarkiak ere ez zuen auzia argitu, etekinik ematen ez dion saltsarik ez baitzaio inoiz interesatu izan, eta horrela aldareetara igotzean eta santu izendatzean, San Martin de la Ascension (Igokundeko San Martin) gipuzkoarra zela esan zuen, beste xehetasunik gabe.

Santu lanpetua izan beharko du horrelako bi herriei behar bezala kasu egiteko eta bere frantziskotar abitu pobreak nekez estali ahal izango ditu beasaindar eta bergararren beharrak. (Dotrina nahiko ikasi ez duten gazteentzat oharra: kapa bi zatitan banatu zuena beste San Martin bat izan zen, Toursekoa alegia). Horregatik beharbada, Bergarara begira ari zelako edo, ez zituen Beasain taldearen nahiak behar beste babestu eta ez ziren garaipena lortzeko gai izan, edo agian Igokundeko San Martin, futbol taldea praktikan igota dagoenean, bere lana bukatutzat hartu du eta lasaitu egin da.

Santoralari buruzko txatxukeriak alde batera, Iraulik oso partida serioa jokatu zuela azpimarratu behar dut. Arratsalde bero hartan, momentuz itogarria jokalarientzat, futbol zelaia baino Asfaltos de Campezoren biltegia zirudien eremuan, galipota besterik ez baitzen altxatzen, taldeak lan eskerga egin zuen Beasaingo talde oso txukunari aurre egin ahal izateko. Kategoriako kategoriko taldea da Beasain, baina Iraulik neurria hartu zion, eta bere neurria eman zuen. Atzoko konzentrazioa eta seriotasuna ondorengo partidetan mantenduz gero igotzeko posibilitatea gertuago izango da, baina ahaztu gabe denboraldiak erakutsi diguna, edozeinek irabaz gaitzakeela dena ematen ez badugu.

Gogoratu dezagun ereserkiak dioen bezala zein den bidea: Gogoa, indarra eta adorea.

AUPA IRAULI!!!

Una respuesta

  1. Txomin

    Bikaina beste behin Karlos! Milesker!

    9 de abril de 2014 en 12:41 am

¡Deja un comentario!

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s